Euskal Komunitate Globala diaspora biziberritzeko prest

Atzo egin zen HanHemen Euskal Komunitate Globalaren lehen topaketa digitala, euskal diaspora sendotzeko eta horren beharren inguruan deliberatzeko asmoz

Atzo, uztailak 5, egin zen HanHemen-ek antolaturiko Euskal Hiritar Global eta Digitalaren lehen topaketa digitala, Aretxabaletatik (hemendik) zuzenean mundu guztira (hara). Elkarrekintza handia izan zen eta ekarpen nabarmenak entzun eta jaso ziren. Jardunaldiaren asmoa izan zen euskal diaspora osatzen duten pertsonei zuzenduriko entzuketa aktiboaren emaitzak partekatzea eta horien inguruan euren pertzepzioa entzutea eta jasotzea, Euskal Komunitate Globalaren egoera eta beharrak ezagutzeko eta HanHemen egitasmo eta plataforma teknologikoa auzolanean garatzeko. Diaspora molde honek, orain arteko Euskal Etxeen eredua, hiritar global eta digitalaren ereduarekin uztartzea ahalbidetzen du aurrerantzean.

Nabarmendu zen, beraz, HanHemen proiektua euskal diasporatik, handik eta hemendik osatzen dugun komunitatetik eta komunitateari zuzenduriko apustua dela. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusitik sustatuta dago egitasmoa, bereziki, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzatik.

Diasporaren bisio eta bizipenak

Ekitaldia Euskal Herriko 18:00etan hasi zen eta munduko leku askotariko pertsonak konektatu ziren, handik eta hemendik, esperientzia eta bizipen diasporikoak partekatzeko: hala nola, AEB, Argentina, Erresuma Batua, Alemania, Uruguay, Singapore, beste askoren artean. Saioa, elkarrizketa partekatu bidez gidatu zen: Garazi Ayesta kazetariak eta Igor Calzada HanHemen-eko zuzendari zientifikoak, Cardiff University eta Fulbright saridun den akademikoaren artean burutu zena. Saio osoa, Aretxabaletatik emititu zen zuzenean, HanHemen-en sorrera, joera globalak eta euskal diasporaren bilakaeraren inguruan azalpenak eskatu eta emanez. Elkarrizketa gurutzatu eta partekatu honek bidea ireki zuen HanHemen partehartzaileen dinamika deliberatiboa egonkortzeko, modu ireki, dinamiko eta interaktiboan garatu zena. Oso modu positiboan baloratu zen HanHemen arestiko proiektuak gainditu nahi izana, aurrekoen akatsetatik ikasiz.

Entzute aktiboaren emaitzak

Marko horretan, lehenik eta behin, Cardiff University-ren ESRC Civil Society programaren markoan garatu den entzute aktiboaren eta galdetegiaren emaitzak aurkezten zituen bideoa partekatu zen, non euskal diasporaren inguruko hainbat gako nabarmendu zituen zuzendari zientifikoak. Ikerketa aplikatu hau ardatz harturik, hona emaitzen erradiografiaren dekalagoa handarrei dagokionean:

  1. %70a, euskal diaspora kide sentitzen den era berean, %30a apur bat ‘deskolokatua’ dagoela aitortuz, partaide ez dela diotsu. HanHemen-en inklutsibotasunak, gai honi erantzuteko xedea du.
  2. %80a, modu argian, euskal geografiekin loturak mantentzearen alde agertzen da.
  3. Eusko Jaurlaritzak berez eskaintzen duen babesari buruz galdetuta, %70ak dio hobetu litekeela. Hori indartzeko sortua da HanHemen.
  4. Diasporakideak euren artean harremantzen dira nazioartean. %50ak, egun, bost euskal hiritar global eta digital baino gehiago ditu inguruan, bere bizilekuan. Horrek komunitateak trinkotzeko bidea eta saregintzarako bidea finkatzen digu.
  5. Orohar, Euskal Etxeak gertu daudenaren sentipena zabaldua da: %65ak dio baduela eskura bertako batera joatea. Euskal Etxeen gertutasunaren pertzepzioa, HanHemen egitasmoaren bidelagun garbia izan liteke, ondo kudeatuz gero.
  6. Elkarren artean komunikatzeko moduen inguruan: Offline, online eta hibridoaren artean badago zer esperimentatu oraindik. Gehientsuenak online eta hibridoaren hautua egiten dute. Hala ere, ezin uka, euskal hiritarrek presentzialtasuna nahiago dutela, beste edozer formaturen gainetik. Bestalde, postpandemiak argi erakutsi du offline formatua hutsean bere horretan ezinezkoa dela diaspora nazioarteko fenomeno digitala ere bilakatu denean.
  7. Handarrek sare sozialak erabiltzen dituzte, hauek erakuslehio bat baitira diasporakide baten begietara eta diasporarekin erlazionatzeko bide zuzenena.
  8. Hala ere, nabarmenki, %80a pribatasunaren afera eta arrakalarekin oso kezkatuta agertu zaigu. HanHemen, oinarritik, hanhemendar erabiltzaile ororen eskubide digitalak bermatzea ziurtatzea dakar.
  9. Nomada digitalen parametroen harira (alegia, azken 2 urteetan lekuz leku dabilen nazioarteko ibiltari digitala), handarrak ez dute euren burua nomada digitaltzat hartzen. Hala ere, %42ak dio, baduela mugikortasunerako hazkunderako joera. Ondorioz, pentsa liteke, handar nomada digitalak ugaritzen joango diren soslaia izango direla. HanHemen-en diseinuak hori jaso beharko luke.
  10. Azkenik, %65ak itzultzeko prest dagoela dio. Ba al ditugu zubiak prest itzulera duin eta jasangarri bat bermatzeko?

HanHemen plataforma, auzolanean garatuko den tresna

Egoera horri erantzuna ematera dator, hain zuzen ere, HanHemen gizarte berrikuntzarako plataforma. HanHemen-en ildo zientifikoa garatze asmotan, Alejandro Novoa, plataformaren garapen teknologikoaren teknikariak aurkezpen labur bat egin zuen. Novoak azaldu zuen bezala, auzolanean/auzolabean garaturiko tresna izango da, Euskal Komunitate Globalaren entzute aktiboaren emaitza, horren beharrei etengabe egokitzeko garapenean egongo dena. Horren ezaugarri nabarmenetakoak izango dira, besteak beste, (i) erabilera erraza eta intuitiboa, (ii) dinamismoa eta interaktibitatea, (iii) datuen pribatutasuna, (iv) harremanak eta konexioak, informazio egokitua eta moldagarritasuna, eta (v) datuen soberania eta sare-dezentralizatuen moldera egitea.

Ideiak partekatzea

Plataformaren prototipoa ikusi ondoren, eta galdetegiaren emaitzak buruan, parte-hartzaileak taldetan elkartu ziren puntu hauen inguruan ideiak partekatzeko: (i) diasporaren erradiografiaren aurrean zerk deitu zien atentzioa; (ii)  euren iritzia; (iii) zerk erakarri zituen gehien; (iv) pribatutasuna eta teknologia nola bizi duten azaltzea; eta (v) prototipoaren erabilgarritasun mailaren pertzepzioa.

Saioa amaitzeko, talde bakoitzaren elkarrizketetan hitz egindakoak aurkeztu ziren eta hizkuntzaren garrantzia, gazteen erakartzea, diasporaren indartze eta berpiztea eta plataformaren potentziala nabarmendu ziren, beste gako batzuen artean.

Labur, Euskal Komunitate Global eta Digitala lehen aldiz topatu da, HanHemen egitasmoaren markoan, ibilbide luzerako diaspora bizia, kooperatiboa eta konektatua ilusioz eta auzolanean eraikitzeko. Jarraipena izango dute HanHemen saioek urtean zehar eta aurrerantzean.