HanHemen-Euskal-Komunitate-Globalaren-espazio-digitala

HanHemen, Euskal Komunitate Globalaren espazio digitala

Euskal diasporaren Egunarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak ‘HanHemen, Basque Global Network’ aurkeztu du, Euskal Komunitate Globala konektatu nahi duen ekimen digitala. Interakzioa modu dinamikoan eta kolaboratiboan sustatu nahi duen plataforma, komunitate hori osatzen duten pertsonen distantziak hautsiz.

 

‘HanHemen, Basque Global Network’ espazio digital globala da, euskal identitatea munduan ikusi, bizi eta partekatzeko modu berria. Harremanak izateko, interakziorako eta lankidetzan aritzeko gune berri bat, esperientzia desberdinetatik abiatuta eta pertsonak erdigunean jarrita. Azken finean, plataformak Euskal Komunitate Global eta Digitalaren artean komunikatzeko modu berri bat bultzatu nahi du. Elkarrekintza eta komunikazio hori lortzeko osagaiak komunitate honetako kide izan nahi duten pertsona guztien entzute aktiboa eta parte-hartze irekia eta segurua izango dira.

 

‘HanHemen, Basque Global Network’

Ekimena, espazioa eta plataforma eraikitzea prozesu irekia, ko-eraikitzailea eta parte-hartzailea izango da. Proiektua epe erdi luzean finkatzeko sortu da, eta Euskal Komunitate Globalaren konplizitatea beharko du. Plataforma abian da dagoeneko espazio digitalean, aldi baterako web orrian (www.hanhemen.eus) eta sare sozial nagusietan.

 

Euskal diasporaren eskutik

Plataforma berriaren subjektua eta funtsezko elementua euskal diaspora osatzen duten pertsonak izango dira, bai eta une batean edo bestean bidaiatu behar duten eta informazioa behar duten edo esperientziak partekatu behar dituzten pertsona guztiak ere. Euskal Diasporaren Eguna bezalako egun berezi batean, ‘HanHemen, Basque Global Network’ aurkeztu da gizartean.

Data berezia, Euskal Komunitate Global osoari eskainia, mundu osoan presente dagoena, batzen dituen zerbaitekin: oroitzapenak, hizkuntza, sustraiak, familia eta kultura dituen komunitate baten nortasuna. Non dauden edo gauden axola gabe, han edo hemen, urrun edo gertu, hemen edo han.

Aurre egin behar diogun errealitate post pandemikoa, gure bizitzan izandako etengabeko aldaketak eta ondorioz gizarte global eta digital gisa izandako eraldaketa oso presente ditugu. Gaur, irailak 8, ‘HanHemen, Basque Global Network’ ek eskaintzen digun konexio global batekin ospatzen dugu egun hau, Euskal Komunitate Globalari ahotsa jartzeko eta entzuteko asmo garbiarekin.